XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Uste dudanez, Grazibelek solas geldi huraxe zuen maiteena, begiak itxi eta oso aldi luzeak egiten baitzituen mugitu ere egin gabe, burua beti nire bularraren kontra.

Ohitzen hasita nengoen fereka bakoitza astirotzera, ehiztariek beren iragan abilezia eta begi zorrotzaren oroimena miruak eta zapelatzak disekatuz gordetzen duten bezala.

Soldaduburuen zein gorteko nobleen artean ikusia nintzenez, ez dagokigunen bat maitatu ohi dugu gehienetan, eta horrek aurreratzen digu zahartzaroa.

Grazibelekin justu kontrakoa neukan, ordea, alde: zegokidana izateaz gain, haren gaztetasunak berritu egiten ninduen.

Garai hartan ikasi nuen eta ez dut atzera dastatu noiz den bi pertsonen enkontrua erabatekoa: inongo presarik gabe garatzen da haien artekoa.

Zer datorkigu fereka sentiberenetik, arinegia baldin bada?

Arina da usoa, bizkorra gezia, baina nekez botatzen dira usoak geziz.

Aitzitik, ordea: haizeak mugitu ere ez du egiten ia usategietako sarea, baina hantxe abailtzen dira uso gehienak.

Munduko gizonik azkarrenak ere, hala dio elezahar batek, ezin izan omen zuen apoarmatu bat harrapatu.

Apoarmatuak kontatua dirudi eleak.

Bego.

Baina Grazibelen eta bion arteko zorion bare-bare hark betirako aterbe hartua zirudien gure jauregiko airean: ilbehera bera ere geldiaraz zezakeen zeruaren erdi-erdian.

Nire hatz-puntak gero eta sentiberago, Grazibelen azalmintza ere sentiberagotzen sentitu nuen.